Bizitzaren heriotza: dolu gestazionala bizi duten emakumeen haurdunaldiaren eta amatasunaren bizipena
The death of life: The pregnancies and experiences of motherhood
of women who have experienced gestational bereavement
Oihana Sein Lasa*, Ainhoa Izaguirre Choperena
Deustuko Unibertsitatea
Laburpena: Jarraian aurkezten den ikerlanak heriotza gestazionala bizi duten emakumeek dolu prozesuan pairatzen dituzten ondorio psikologikoak aztertzea du helburu. Hori dela eta, hasteko, heriotza gestazionalaren testuingurua osatzen duten elementuen inguruko informazioa bildu da iturri ez zuzenekoen bidez. Gaia bere kontestuan kokatu eta autore ezberdinen ideien alderaketa egin ostean, ikerketa kualitatiboarekin jarraitu da. Sei emakumeren bizipenak, esperientziak eta iritziak jaso dira bertan. Elkarrizketetan bildutako informazioa eta lehendik landutako autoreen ekarpen teorikoak aztertzeari esker zenbait ideia ondorioztatu dira, dolu gestazionalaren prozesua bestelako bilakatu dezaketenak, beti ere gizarteak emakumeekiko eta gaiarekiko duen begirada aldatuta.
Hitz gakoak: emakumea, amatasuna, haurdunaldia, heriotza gestazionala, dolua.
Abstract: This research analyses the psychological effects that women who have experienced gestational death have suffered during the grieving process. Using semi-structured interviews, the current study explores 6 women’s beliefs and perspectives concerning their experiences of gestational death. The information obtained throughout the interview process, in addition to the theoretical contributions stressed in the document, have shed some light on the women’s experiences when going through a gestational death. In this sense, their narratives underline the importance of raising social awareness and making this frequent reality visible today.
Keywords: women’s’ maternity, pregnancy, gestational death, grief.
* Correspondencia a / Corresponding author: Oihana Sein Lasa. Deustuko Unibertsitatea – sein-oihana@opendeusto.es
Cómo citar / How to cite: Sein Lasa, Oihana; Izaguirre Choperena, Ainhoa (2023). «Bizitzaren heriotza: dolu gestazionala bizi duten emakumeen haurdunaldiaren eta amatasunaren bizipena»; Inguruak, 75, 10-32.
(https://doi.org/10.18543/inguruak.243).
Jasoa/Recibido: 2023, uztaila 05; Onartua/Aceptado: 2023, abendua 07.
ISSN 0214-7912 / © 2024 UPV/EHU
Esta obra está bajo una Licencia
Creative Commons Atribución-NoComercial-SinDerivadas 4.0 Internacional
Sarrera
Ikerketa lan honen helburua dolu gestazionala bizi duten emakumeek doluaren prozesua nola bizi duten ezagutzea da. Errealitate honek gizartean pairatzen duen inbisibilizazioa dela eta, gaia lantzea erabaki da alde batetik, ikusgarritasun falta horrek eta bestetik, amatasunaren eraikuntza sozialak dolu prozesuan izan dezaketen eragina ezagutzeko eta horrela marko orokor bat osatzeko.
Iker lan honetan zehar, hasteko, gaiaren inguruko hurbilpen teorikoa egingo da garrantzizkoak diren kontzeptuak eta elementuak jorratuz, honela gaia testuinguruan kokatzeko. Modu honetan, sistema patriarkalak emakumeari gizartean emandako lekua eta horren amatasunaren eraikuntzan izandako eragina aztertuko da. Jarraian, eraikuntza horrek dolu gestazionala pairatzen duten emakumeengan duen eragina aztertuko da, osasun arloan eta gizartean sakonduz, beti ere kontuan izanik gaiaren inbisibilizazioa eta horrek suposatzen duena lanketa prozesuarekiko. Azkenik, dolu gestazionaletan aurkezten diren beharren eta horiei erantzuteko beharrezko arreta aztertuko dira.
Jarraian, ikerketa burutu ahal izateko erabilitako metodologia, lagina eta baliabideak zeintzuk diren adieraziko da. Gero, elkarrizketatutako emakumeen erantzunen analisi kualitatiboa egingo da, guztien bizipenak eta adierazpenak plasmatuz. Azkenik, ikerketari lan prozesua egin bitartean ateratako ondorioekin emango zaio amaiera, alderdi garrantzitsuenak nabarmenduz eta horien inguruko hausnarketa eginez.
Gai hau lantzeko interesa familiako zenbait kidek bizitako esperientziaren ondorioz sortu zen, zehazki, galerak suposatutako sufrimendua dela eta.
Esparru teorikoa
Atal honetan zehar emakumeen izatearen ulerkerak sistema patriarkalaren eraginez gizartean jasandako aldaketen inguruko azterketa bat egingo da. Amatasuna izanik emakumeei errealizazioa lortzeko ezarritako modua, helburu hori lortzeko arazoak izaten dituzten emakumeen egoera aztertuko da. Kontuan izanik gertaera hauek gizartean jasaten duten inbisibilizazioa gizarteko eremu guztietara zabaltzen dela, emakumeek bizitzen duten doluari eremu publikoan ematen den isiltasuna gehitu behar zaio beste zailtasun bat bezala.
1.1. Emakume izatea eta amatasuna gaur egungo gizartean
Beauvoirrek (1949, Cid, 2009 testuan aipatua) ongi dioen moduan: ez da emakume jaiotzen, emakume izatera iritsi egiten da. Izate hori ikasi egiten da eta erreprodukzioaren bidez belaunaldiz belaunaldi pasatzen da.
Amatasuna aurrera eramateko moduaren inguruko gidalibururik ez dagoen arren, emakumeen jarduna gizartean ezarrita dauden ildoen bidez gauzatzen da (Agudelo et al., 2016). Horrek presio soziala eragiten du haiengan, ildo horiek markatutako bidea ez jarraitzeak gauzak gaizki egiten ari direnaren sentsazioa sor dezake.
Amatasunaren inguruko ulerkera asko aldatzen dela batetik bestera eta hori kultura bakoitzak generoen eta haiei atxikitutako baloreen inguruan duen perspektibaren ondorioz gertatzen da. Beraz, esan liteke amatasuna eraikuntza kultural bat dela, etengabeko mugimenduan dagoena. Egoera kultural, sozial eta ekonomikoarekin oso lotura estua dauka eta ondorioz, kontestua aldatzen den heinean bere esanahia ere eraldatu egiten da (Palomar, 2005).
Amatasuna eta identitatearen arteko erlazioa paradoxikoa da, sozialki haurrik izan ez duten emakumeak osatugabeak bezala ulertzen baitira. Gizartean ama izateak emakume bezala errealizazioa suposatzen du (Agudelo et al., 2016).
Amatasun senaren mitoa, emakumeen kontrol soziala gauzatzeko beste modu bat izan da. Gizartean subjektibotasuna eragin du. Mito honek bizirik jarraitzen duen bitartean emakumearen zapalkuntzak indarrean jarraituko du, amatasunetik at identitatea ukatuz. Mito honek emakume guztiek ama izateko beharra dutela, ama izan behar dutela eta ama izan nahi dutela adierazten du. Amatasunak ordena sozial heterosexuala mantentzen du eta emakumezkoek osatzen duten esentzia femeninoa legitimatzen du (Molina, 2014).
Erabaki pertsonala
Lehenago emakumeen bete-behar bat bezala ulertzen zena, xx. mende erdialdetik aurrera feminismoak emandako aurrerapausoei esker amatasuna erabaki pertsonal gisa definitzen da. 70. hamarkadan mugimendu sozial eta politiko horri esker emakumea-ama kontzeptuak banatzen hasi ziren, horrela emakumeen autonomia aldarrikatuz eta beren identitatea amatasunetik at ulertuz. Emakumeak kalera irten ziren, sexu- eta ugalketa-eskubideak eta hezkuntza maila altuagora sarbidea lortu zuten. Lorpen horiek guztiek beren eguneroko bizitzetan aldaketa handiak eragin zituzten, sistema patriarkalarekiko errebelazioa izan zen. Ondorioz, esan daiteke feminismoak iraultza kulturala eragin zuela (Palomar, 2005; Molina, 2014).
Hala ere, oraindik amatasunak emakumeen izateari lotuta jarraitzen du, beren esentziaren oinarrizko zati bat izango balitz bezala. Emakumeei bizitzan aurkezten zaien erronka handienetakoa beren gorputzei eta bizitzei buruzko erabakiak hartu ahal izatea da, ustezko patu biologikotik aldenduz (Palomar, 2005; Molina, 2014).
Amatasunaren inguruan sortutako espektatibak betetzen ez dituzten emakumeak ondoren estigmatizatuak eta seinalatuak izan ohi dira, emakumearen berezko naturari, hau da, ama izateari uko egiten diotelako edo zailtasunak dituztelako haurrak izateko. Gizartean emakumearen inguruan eraikitako idealaren ezaugarriekin betetzen ez duten emakumeak, emakume osatugabe gisa ulertzen dira. Ikuskera honen oinarrian generoaren ideala dago, amatasun senaren ideia bultzatzen duena (Palomar, 2004).
1.2. Haurdunaldiaren etenaldia
Zenbait kasutan ordea, haurdunaldiaren prozesua ez da gizartean irudikatzen den bezain zoragarria izaten. Palacio et al.-en (1997, Bouquet de Durán, 2012 testuan aipatua) aburuz mila haurdunalditik batean ematen da haurraren heriotza. Honelako kasu asko ematen diren arren, oso gutxi landu da honelako gertaera batek emakumeengan eragin ditzakeen ondorioen inguruan.
Beharrezkoa da azaltzea, heriotza gestazionala haurdunaldian zehar haurra galtzeari esaten zaiola. Etenaldi hau, Aleman et al.-en (2006, Bouquet de Durán, 2012 testuan aipatua) iritziz amaren gaixotasun endokrino, immunologiko, infekzioso, malformazio edo plazentaren disfuntzioaren ondorioz eman daiteke eta autore honek adierazten duenez, hemorragia eta oinazea dira honelako gertaeren adierazle biologiko bereizgarrienak.
Honelako galera batek inpaktu handia suposatzen du haien bizitzetan, beren ametsa ama izatea baita. Mendoza et al.-ek (2020) dioten moduan etenaldi naturala ematen den kasuetan emakumeek etorkizunera begira amatasunaren inguruko espektatibak eraikitzen dituzte, amak izan nahi dute. Bat-batean, ordea, espektatiba guztiak amiltzen dira.
Abortu berantiarra ematen den kasuetan dolu prozesuari begira laguntza profesionala eskaintzen da, abortu goiztiarren kasuan ez. Garrantzia kentzen zaie kasu hauei, ziurtzat hartuz hain denbora gutxian amak ezin izan duela loturarik sortu haurrarekin (Gálvez et al., 2002; Fernández et al., 2012; Bautista et al., 2017 testuan aipatua). Beren minari balioa kentzen zaio, haurdunaldiaren aste kopurua hartzen baita loturaren sorreraren adierazletzat. Epaituak izan ohi dira, izan behar duten tristura maila eta dolu prozesuak iraun beharreko denbora zehazten du gizarteak. Epaiketa horiek egiten dituztenak ez dira izaten ez espezialistak ezta honelako egoera bat pairatu duten pertsonak ere, hau bizitu duenak badaki eta zer den (Claramunt et al., 2009).
1.2.1. Heriotza gestazionalaren tabua
XXI. mendean heriotza gestazionalak gai tabu bat izaten jarraitzen du eta hori da arazoa. Agian heriotzarekin lotuta egoteak eragiten du gaiaren inguruan hitz egiteko beldurra, heriotzak ere oraindik isiltasunean jarraitzen du. Beraz, garrantzia kentzen zaio eta horrela gaiaren inguruan hitz egitea ekiditen da. Hala ere, emakumeen sexualitatearekin zerikusia duen edozer ulertzen da tabutzat eta horrek, prozesu natural horiek kontzienteki bizitzea galarazten du. Gutxi dira gaiaz modu integralean hitz egiteko eskaintzen diren espazioak. Beraz, gai hauek saihesteak prozesuan atzera egitea besterik ez du suposatzen, zama bat gehiago egoera hauek bizi dituztenentzat (Claramunt et al., 2009).
Ustekabeko gertaera hauen aurrean erruduntasuna, hutsunea, suminkortasuna, amorrua, pena ikaragarria, apatia, sinesgaiztasuna eta beste haurdunaldi batekiko beldurra areagotzen dira (Hutti, 2005; Badenhorst eta Hughesen, 2007; Pastor Montero et al., 2011 testuan zitatua). Trauma osteko estresa izan ohi da honelako egoera bat bizi duten emakumeen artean ohikoena. Aipatutako ondorio psikologiko horiek urte batera edo gehiagora luza daitezke. Ideia suizidei dagokionez, aurkeztu daitezke dolu prozesuan zehar, galeraren eta amatasunaren eraikuntza sozialak sortutako kulpa sentimenduaren eraginez. Ezinbestekoa da honelako egoera baten aurrean babesa ematen duen sare bat eta profesionalen laguntza. Behar bezalako atentzioa eskaini ezean emakumearen osasunak okerrera egiten jarraituko du (Mendoza et al., 2020).
1.2.2. Babes sarearen garrantzia emakumeen ongizaterako
Heriotza gestazionala jasan duten emakumeen kasuan oso garrantzitsua da babes sare sendo bat izatea errekuperazio fisikoa eta psikologikorako. Gizarte-laguntza eskasa denean edo ez dagoenean askoz ere zailagoa da aurrera egitea. Hori dela eta, sare soziala (familia, lagunak, komunitatea…) estres sortzaile edo murriztaile izan daiteke (Castro eta Erviti, 2003, Bouquet de Durán, 2012 testuan zitatuak).
Bikote erlazioari dagokionean ere, gehien bat lehen haurdunaldia denean, haurraren heriotza familia berri bat sortzeko saiakera zapuztutzat hartzen da (Callisterrek, 2006, Bouquet de Duran, 2012 testuan aipatua). Bikotekidea gizonezkoa den kasuetan, hauek baztertuak senti daitezke, dolu gestazionalaren prozesuan bakartuak. Hortaz, garrantzitsua da haiei ere informazioa idatziz ematea eta laguntza profesionala behar izanez gero nora jo dezaketen adieraztea (Páez Cala eta Arteaga, 2019).
Halaber, berria ematen duen profesionalarekin batera pertsonei sostengu emozionala emango dien figura baten presentzia beharrezkoa da. Figura hau arduratuko da erietxean dauden denboran zehar akonpainamendua egiteaz, honelako kasuetarako pribatutasuna bermatuko duen gune bat eskainiz (Ministerio de Salud, 2022).
Beraz, erietxeek eta bertako profesionalek haurdunaldi prozesuan zehar garrantzia handia dute emakumeentzat. Alde batetik, erreferentziazko guneak eta pertsonak direlako. Eta bestetik, heriotza gestazionala bizi duten emakumeek bertan jasotzen baitute galeraren berri, profesionalen bidez (Ministerio De Salud Pública, 2013).
Beraz, esan genezake, amatasuna emakumearen izateari ezarritako ezaugarri nagusitzat ulertzen dela, bizitzan zehar lortu beharreko helburu gisa. Feminismoaren aurrerapausoei esker bete behar bat zena eskubide bilakatu den arren, emakumeengan pisu handia izaten jarraitzen du. Haurdunaldia kasu askotan ez da gizartean irudikatu ohi den bezain zoragarria izaten. Gaia tabu izateak asko zailtzen du izatez zaila den egoera. Gizartean oso gutxi dira gaiaz lasaitasunez eta naturaltasunez hitz egiteko eskaintzen diren espazioak. Hori dela eta, egoera honen aurrean ezinbestekoa da sare sozial sendo baten eta erietxeetako profesionalen babesa, haiek izango baitira une zailenetan emakumearen babesleku.
Testuinguru honetatik abiatuz dolu gestazionala bizi duten emakumeek doluaren prozesua nola bizi duten ezagutzea izan da ikerketan planteatutako galdera, helburuak ondorengoak izanik: prozesuan identifikatutako beharrak, bizitako ondorio psikologikoak eta aurrera egiten lagundutakoa zer izan den ezagutzea.
Marko metodologikoa
Ikerketa lan honen helburua dolu geztazionala bizi duten emakumeek doluaren prozesua nola bizi duten ezagutzea da. Errealitate honek gizartean pairatzen duen inbisibilizazioa dela eta, gaia lantzea erabaki da alde batetik, ikusgarritasun falta horrek eta bestetik, amatasunaren eraikuntza sozialak dolu prozesuan izan dezaketen eragina ezagutzeko eta horrela marko orokor bat osatzeko. Hori dela eta, ikerketa hau metodologia kualitatiboaren bidez gauzatuko da.
Ikerketaren helburuak
— Helburu Orokorra: Dolu gestazionala bizi duten emakumeek doluaren prozesua nola bizi duten ezagutzea.
— Helburu Zehatza 1: Dolu gestazionala bizi duten emakumeek prozesuan identifikatutako beharrak aztertzea.
— Helburu Zehatza 2: Dolu gestazionala bizi duten emakumeek haurraren galera dela eta bizi izan dituzten ondorio psikologikoak ezagutzea.
— Helburu Zehatza 3: Dolu gestazionala bizi duten emakumeei dolu prozesuan aurrera egiten lagundu diotena zer izan den ezagutzea.
Ikerketa prozesua
Pita eta Pértegasek (2012) dioten moduan, «la investigación cualitativa trata de identificar la naturaleza profunda de las realidades, su sistema de relaciones, su estructura dinámica». (Herrera, 2008 testuan aipatua). Metodologia kualitatiboaren helburua pertsonek ikerketak jorratzen duen gaiari ematen dioten esanahia jasotzea eta berreraikitzea da. Orientazio holistikoa eta zehaztailea du. Hori dela eta, metodologia honen aldeko autoreen aburuz, ikerketa honen bidez soilik bildu daiteke fenomeno sozialen benetako esanahia. Bestalde, metodologia kualitatiboan prozedura induktiboa nabarmentzen da (Ruiz, 2013). Ereduak, kategoriak eta gaiak eraikitzen dira datuak antolatuz, gero eta informazio-unitate abstraktuagoetara iritsi arte. Prozesu induktibo horrek gaien eta jasotako datuen lotura biltzen du, gaien multzo ulergarria lortu arte (Batthyány eta Cabrera, 2011).
Ikerketa hauetan mota ezberdinetako datuak biltzen dira elkarrizketa, behaketa eta lan zientifikoen bidez. Informazioa biltzeko moduak ez dauka egitura zurruna, malgua baizik. Ikertzaileak fenomenoa edo arazoa esperimentatzen den lekura gerturatzen dira eta informazioa denboran zehar egindako aurrez aurreko elkarrekintzaren bidez jasotzen dute, pertsonekin zuzenean hitz egitearen edo/eta haien portaera eta ekintzen behaketaren bidez. Hori da ikerketa mota honen ezaugarri nagusiena. Horretarako ikertzailea funtsezko tresna da, informazio guztia aztertu eta ebaluatu egiten baitu. Beharrezkoa da ikertzailearen interpretazioa entzuten, ikusten eta ulertzen duenaren inguruan. Baina beti ere, ezinbestekoa da argi izatea ikerketa kualitatiboa parte hartzaileek arazo edo fenomenoari ematen dioten esanahian zentratzen dela eta ez oinarri teorikoetan edo ikertzaileak emandako esanahi propioetan (Batthyány eta Cabrera, 2011).
Hasieran planteatzen den ikerketa plana malgua izaten da, prozesuan zehar aldaketak jasan baititzake. Hortaz, kontuan izan behar da ikerketa prozesu honetako atalak amaierararte irekiak mantentzen direla (Batthyány eta Cabrera, 2011).
Metodo kualitatiboek gizartea esanahi eta sinboloen bidez eraikitako mundua dela defendatzen dute, eta beraz, eraikuntza eta esanahi horiek bilatzea eskatzen du (Ruiz, 2013). Kasu honetan, metodo fenomenologikoa erabiliko da. ikerketa fenomenologikoak gizabanakoa eta esperientzia subjektiboa nabarmentzen baititu. Gizabanakoek beren esperientzia pertsonalei ematen dieten esanahia ezagutzea du helburutzat, pertsonek errealitatea interpretatzeko duten modua ezagutzea da garrantzitsua. Ikertzailea errealitatea pertsonaren ikuspuntutik ikusten saiatzen da, deskribapenaren, ulertzearen eta interpretazioaren bidez (Herrera, 2008).
Erabilitako teknikak
Ikerketa honetan bi teknika nagusi erabiliko dira: iturri ez zuzenen azterketa eta sakoneko elkarrizketa.
Iturri ez zuzenak lan akademikoak dira, eztabaida jakin baten inguruan egindako ikerketaren bidez lortutako emaitzak, eta haien inguruan egindako hausnarketa mahaigaineratzea dute helburutzat (Severino, 2007; Annunciato, 2013 testuan aipatua). Begirada objektiboa eskaintzen dute ideia eta balorazioetan. Azken hauek ongi argudiatutako oinarri teoriko eta metodologikoez sostengatzen dira eta teknika ezberdinen bidez egiaztatzen edo ezeztatzen dira (De Armas eta Rodríguez, 2015).
Elkarrizketa bi pertsona edo gehiagoren arteko hitzezko elkarrekintza da, non elkarrizketatzaileak pertsona elkarrizketatuengandik errealitate zehatz baten inguruko informazioa jaso nahi duen (Ortez, 2009). Kasu honetan, aipatu bezala, sakoneko elkarrizketa erabiliko da.
Sakoneko elkarrizketa, «es una técnica para obtener que un individuo transmita al entrevistador su definición de la situación» (Ruiz, 2013; 166. Or). Elkarrizketa hauen helburua pertsonak errealitatearen inguruan egindako interpretazioak azaltzea baino gehiago interpretazio horiek ulertzea da. Aurretik prestatutako galderez osatutako gidoi bat jarraitzen dute eta jasotzen diren erantzunak subjektiboak eta zintzoak izaten dira, emozioz beteak (Ruiz, 2013). Pertsonala, zuzena eta egituratu gabea da. Elkarrizketatzaileak landuko den gaiaren inguruko ikerketa sakona egiten du ondoren elkarrizketatutako pertsonak askatasunez hitz egin dezan eta planteatutako gaiaren inguruan sentitzen eta pentsatzen duena zehaztasunez adieraz dezan. Pertsona eta pertsonak duen informazioa dira elkarrizketa hauen ardatzak (Mejía, 2002; Ortez, 2009 testuan aipatua).
Elkarrizketak burutzeko erabilitako galdera gidoiak eranskinen atalean topa daitezke.
Laginaren hautaketa
Laginaren hautaketa prozesuari dagokionez, aipatzekoa da sei emakume elkarrizketatu direla. Emakume guztiak adin tarte batean kokatzen dira, 30 eta 55 urteko tartean. Tarte hori bi arrazoi nagusirengatik zehaztu da. Batetik, nahiz eta zenbait emakumeren adina tarte horretatik kanpo geratu, zifra borobilak ezartze arren. Bestetik, ezarritako adin tartea haurdunaldiaren prozesua gehien ematen den adin tartea dela esan daiteke, eta beraz, dolu gestazionala emateko aukera gehiago daude. Harremanetan jartzeko moduari dagokionean, kasu guztietan telefonoa erabili da, kasu batzuetan dei bidez eta beste batzuetan, berriz, mezuen bitartez. Aurkezpen pertsonala egin ostean, harremanetan jartzearen arrazoia adierazi da. Kasu guztietan erantzuna baiezkoa izan denez, hurrengo pausua beraien ordutegiak eta tarte libreak ezagutzea izan da, ondoren lekua, ordua eta eguna zehazteko. Elkarrizketa guztiak aurrez aurrekoak izan dira. Hori dela eta, horiek burutzeko leku ez oso jendetsuak hautatu dira, giro lasai batean egon ahal izateko.
1. taula. Elkarrizketatuen informazioa
Kodea |
Eguna |
Iraupena |
Adina |
Bizitako heriotza gestazional kopurua |
Heriotza gestazionala emandakoan emakumearen adina |
E1 |
2022/03/31 |
38:10 |
35 |
2 |
30, 31 |
E2 |
2022/04/01 |
32:26 |
27 |
1 |
26 |
E3 |
2022/04/04 |
36:51 |
33 |
1 |
30 |
E4 |
2022/04/05 |
20:33 |
49 |
1 |
35 |
E5 |
2022/04/08 |
37:36 |
56 |
4 |
33, 34, 36, 37 |
E6 |
2022/04/13 |
55:52 |
33 |
2 |
33 |
Iturria: Norberak egindakoa.
Lehenago aipatu bezala aukeratutako laginaren adin tartea 30 eta 55 urtekoa da. Adin tarte hau aukeratu da alde batetik, zifra borobilak ezartze arren eta bestetik, haurdunaldiaren prozesua adin tarte horretan eman hoi delako gehien bat gaur egungo gizartean. Hortaz, dolu gestazionala ere adin tarte horretan eman ohi da. Hala ere taulan ikusi daitekeen bezala bi emakumeren adina tarte horretatik kanpo gelditzen da: bigarren elkarrizketatua 27 urterekin eta bostgarren elkarrizketatua 56 urterekin.
Analisia
Lanean zehar aipatu den bezala, ikerketaren xedea dolu gestazionala bizi duten emakumeen esperientzia ezagutzea da. Bizipenak osotasunean aztertu ahal izateko helburuetatik eta elkarrizketetatik abiatuta zenbait kategoria sortu dira. Horien bidez emakumeengandik jasotako informazioa aztertu eta konparatuko da, lantzen den gaiaren arabera atal ezberdinetan sailkatuz.
Gizarte patriarkalaren eragina emakumearen eraikuntza sozialean
Sistema patriarkatuak emakumeen bizitzetan duen eraginak presio sozial ikaragarria eragiten du hauengan. Bizitzan zehar bete beharreko ezaugarri zehatz batzuk ezarriz emakumeei bide jakin batetik gidatzen zaie, ezaugarri horiek betetzeko helburuarekin. Haurdunaldia eta amatasuna bide horren elementu garrantzitsuak dira, errealizazio pertsonalaren sinonimotzat ulertzen baitira. Hori dela eta, karga handia suposatzen dute emakumeen bizitzetan, kasu askotan zailtasunak izaten baitira haurraren egoerari dagokionean.
Lehenengo elkarrizketatuak adierazten du amatasunaren ideia gizartean oso barneratuta dagoela eta emakumeek bere bizitzako une zehatz batean presio hori sentitzen dutela bere gainean. Gehien bat jendearen galdera eta komentarioak izan ohi dira presio hori areagotzen dutenak. Oso mingarriak izan daitezke emakume guztien egoera ez baita berdina. Ez da kontuan izaten agian emakumeek ezin dituztela haurrak eduki, arazoak dituztela haurdun gelditzeko edo besterik gabe ez dutela seme alabarik izan nahi.
«Mundu guztiak bikotea daukazunean: ui, noiz ekarriko duzu ume bat? Noiz ezkonduko zara? Askotan ez dakigu zein eragin daukan. Agian ezin duzu ama izan, agian ez zara sekula izango, edo ez duzu nahi edo ez da posible. Jendea ez da gauza horietaz konturatzen.» (E1)
Laugarren elkarrizketatua bat dator ideia horrekin eta azpimarratzen du gizartean oso barneratuta dagoela emakumeek ama izan behar dutenaren ideia eta konturatu gabe marka horiei jarraitzen da.
«Ama izan behar dela edo beharbada ez zaudela beteta ama ez izateagatik (…) ez dela derrigorrezkoa ume bat edukitzea. Baina agian gure bizimoduan edo gizartean barneratuta dago: haurrak eduki behar direla edo ezkondu egin behar zarela… markatuta dago. Konturatu gabe marka hori jartzen dugu. Nire ustez, horrek ere egiten du.» (E4)
Hortaz, aipuetan adierazi bezala, gizartean emakumeen izatearen inguruan sortutako eraikuntza sozialak emakumeek beren bizitzan zehar bide bat jarraitzea eragiten dute, ohartu gabe eta ondorioz, bide horrek dakartzan «bete beharrak» betetzeko zailtasunak edo ezintasunak emakumeengan kolpe handia suposatzen du, ez baitute lortu emakume bezala betetzea espero zen hori.
Bostgarren elkarrizketatuak ere argi azaltzen du presio sozial handia dagoela emakumeengan ezarrita amatasunaren gaiaren inguruan. Argi adierazten du amatasuna ez dela emakumeen bete behar bat, aukera bat baizik eta horrela izan behar duela.
«Ez da nahi eta nahiezko gauza eta ez du horrela izan behar. Presio soziala handia dagoela iruditzen zait: ama izan behar duzu edo izan beharko zenuke. Nire ustez, ez litzateke horrela izan behar.» (E5)
Horren aurrean lehenengo elkarrizketatuarengan argi ikusten da presio sozial horren eragina. Haur gehiago eduki ahal ez izateak pertsona eta emakume bezala gabezia bat zuela sentitzea eragin zuen.
«Ama izan nahi duzun momentutik, ilusio handia daukazu. Gogoa daukazu, desira… eta hori falta zaizunean, pertsona bezala gabezia bat daukazula uste duzu (…) emakume bezala ere, ama izan nahi zenuen eta ezin duzunean, oso gogorra egiten da.» (E1)
Amatasunaren testuingurua
Amatasuna kontzeptu bakarra den arren, bere baitan definizio eta ulerkera asko hartzen ditu. Oso zabala eta konplexua izan daiteke, norberak bere esperientzia eta bizipenen arabera eraikitzen baitu. Aldaketak, bizitza berri baten hasiera, behar bat bezala sentitzea, etab. dira elkarrizketetan atera diren ulerkera ezberdinak. Sentipenekin ere lotu da eta lotura hori azaltzen zaila izan liteke.
Amatasunaren inguruan galdetutakoan elkarrizketatuek beraientzat amatasuna oso hitz konplexua dela adierazi dute eta denbora behar izan dute beren erantzunak eraikitzeko.
«Amatasuna hitz potoloa da.» (E1)
Horren aurrean, bostgarren elkarrizketatuaren iritziz hitz bakar baino zabal honen konplexutasuna amatasuna ulertzeko dauden modu ezberdinen ondorio da. Pertsonak adina interpretazio daude. «Denok ulertuko dugu modu ezberdin batean» (E5).
Seigarren elkarrizketatuak, berriz, amatasuna bizitzaren aldaketarekin lotzen du. Suposatzen duen aldaketa hain da handia, beste bizitzeko modu bat suposatzen duela, aurrekoa atzean utziz.
«Jaiotzen denean, bizitza guztia aldatzen zaizu, goitik behera, onerako eta txarrerako, bi gauzetarako azkenean. (…) Gauza pila bat ematen dizkizu amatasunak, gauza asko ikasten dituzu, azkenean beste bizitzeko modu bat da… kezka hori daukazu ama zaren momentutik.» (E6)
Beraz, ikusten denez amatasunak sekulako aldaketa suposatzen du emakumeen bizitzetan, aspektu guztietan eraginez. Haurraren jaiotzeak emakumearen birsortzea suposatzen du, orain bat eta gero bat markatuz. Azpimarratzen da gauza asko ikasten direla amatasunagatik eta gauza guztiak bezala, bere alde onak eta txarrak dituela.
Laugarren elkarrizketatuarentzat amatasuna behar bat bezala izan da, barnean sortu zaion behar bat.
«Niretzat behar bat zen ama izatea.» (E4)
Sentipen hori gauzatzeak «Bete egiten dizu» (E4) bere iritziz eta behar hori asetzearen ondorioz errealizazioaren sentimendua sentitu du.
Bostgarren elkarrizketatuak amatasuna beste modu batera interpretatzen du. Adierazten du berarentzat amatasuna ez dela betidanik sentitu duen behar bat izan, baizik eta bere bizitzako helburua zoriontsu izatea izan dela, ama izan hala ez izan.
«Nire bizitzako planteamenduan, nire helburua zoriontsu izatea zen, ama izan edo ez izan, bikotearekin edo bikoterik gabe… (barreak) esan nahi dut ez dela nahi eta nahiezko gauza bat.» (E5)
Bigarren elkarrizketatuari amatasunaren inguruan galdetutakoan adierazten du haurdun zaudela jakiten duzun une berean sentitzen duzula amatasuna. Nahiz eta haurra galdu haurdunaldi prozesuak suposatzen dituen aldaketak sumatu ditu bere gorputzean, haurra sentitu du barnean. Hori dela eta, haurra bizirik jaio ez den arren ama izan dela sentitzen du.
«Ama izan naiz… zaila da azaltzen… nik bai sentitu dut hori [ama izatea]. Ez dut jaioberri bat eduki baino azkenean, nire gorputzeko aldaketa guztiak haurdunaldian sentitu ditut. Orduan bai… nik sentitzen dut ama izan naizela modu batera edo bestera (…) behin haurdun zaudela dakizunean, ama sentitzen zara.» (E2)
Ideia horri lotuta, hirugarren elkarrizketatuak dio berarentzako amatasuna haurra edukitzea baino askoz haratago doala. Amatasuna haurdun egon baino lehenago sentitzen den zerbait dela pentsatzen du, sena moduko bat. Emakume asko daude sena hori sentitzen dutenak, baina arrazoi ezberdinak direla medio haurrik ez dutenak. Oso garrantzitsua iruditzen zaio aldarrikapen hori egitea, esan bezala, amatasuna haur bizi bat edukitzea baino sentipen zabalago gisa ulertzen baitu. Hori dela eta, berak argi adierazten du nahiz eta bere bigarren semea galdu bera hiru haurren ama dela, laugarrenaren bidean.
«Niretzat ama izatea ez da bakarrik umea edukitzea. Ama izatea hasieratik sentitzen duzun zerbait da, gero haurdun gelditzen zara eta ondoren beste guztia… Niretzat, oraintxe bertan haurdun nago (…) baino jaio ez direnak ere hor daude, ez dira bizirik jaio baino amatasuna askoz ere lehenagotik heltzen da.» (E3)
Hortaz, aipatutakoa kontuan izanik amatasuna sentimendu batekin harremandu daiteke, ama sentitzearen sentimendua. Fisikoki haurrik ez izateak ez du adierazten amatasun sentimendu hori sentitzen ez denik. Elkarrizketatuaren iritziz gauza bat ez da bestearen ondorio, norberaren sentimendua da garrantzitsuena.
Bizitzaren heriotza
Emakume bakoitzak bere errealitatea ulertzen duen moduaren arabera, era batera edo bestera izendatuko du bizitakoa. Abortua, heriotza, galera. Norberak errealitatearen inguruan egiten duen interpretazioaren araberakoak izango dira erabilitako kontzeptuak. Hori horrela, oso garrantzitsua da bizitakoaren inguruan hitz egiterakoan erabiltzen dituzten kontzeptuei arreta eskaintzea. Kontzeptuek emakumearen eta bere errealitatearen inguruko pista asko emango ditu eta esku-hartze bat gauzatzerako orduan informazio asko jaso daiteke erabilitako kontzeptu horien bidez.
Emakumeek bizitako prozesua izendatzeko erabiltzen dituzten kontzeptuen artean abortua eta heriotza errepikatu dira gehien. Hori, esan bezala, emakumeek gertatutakoa ulertzeko duten moduaren araberakoa da, norberak bere esanahia ematen baitio kontzeptu bakoitzari.
Lehenengo eta bostgarren elkarrizketatuek ordea, abortua eta heriotza kontzeptuak ezberdindu egiten dituzte. Heriotza hitza erabiltzen dutenean haurra sabel barruan formatuta zegoela eman zela etenaldia adierazten dute. Hortaz, haurra hil zela.
«24. Astean… zoritxarrez heriotzarekin bukatu zen.» (E1)
Abortua hitza, aldiz modu ezberdin erabiltzen dute. Lehenengo elkarrizketatuak erietxeko profesionalek haurra edukitzeko burututako prozesuari esaten dio abortua, esan bezala berak heriotza hitzarekin lotzen du haurrari gertatutakoa.
Bostgarren elkarrizketatuaren kasuan ere lehenago gertatutako kasuei, haurdunaldiaren hasieran gertatutakoak abortu hitzarekin izendatzen ditu: «3 bat aborto» (E5).
Hirugarren elkarrizketatuak ere haur bat galdu zuela adierazten du, haurdunaldiaren prozesuan oso garatuta zegoela gertatu baitzen. Haur hura bere seme bat dela adierazten du eta oso presente dagoela beraien bizitzetan, nahiz eta fisikoki ez egon, beraiekin dago. Horregatik:
«Nik ez dut aborto bezala kontsideratzen, nire semea da, beste bat bezalaxe.» (E3)
«Nik borrokatu egin behar dut nire semea hor egoteko (…) Legalki ere ezin dut jarri nire semea familia-liburuan.» (E3)
Seigarren elkarrizketatuak adierazten duenez ez luke jakingo ze hitz erabili prozesua izendatzeko. Abortua norbaiti gertatutako azkar azaltzeko erabiltzen duen arren, ez zaio gustatzen, oso esanahi mekanikoa duela pentsatzen du. eta Heriotza hitzarekin ere ez du lotzen bere errealitatea.
«Aborto hutsa ez zait gustatzen… oraintxe bertan ez nuke jakingo nola definitu.» (E6)
Beraz, aipuan esandakoari jarraiki, haurrak erregistratu ahal izateak haurra existitu dela frogatzen du, umearen errekonozimendua suposatzen du. Gurasoei dagokionez ere haien errekonozimendua suposatzen du, guraso izan direnarena. Hori oso esanguratsua da beraientzat eta oso lagungarria izan liteke dolu prozesuan, haur horiek jasaten duten inbisibilizazioari aurre egiteko aurrerapauso bat baita.
Prozesua eta honen eragina emakumeengan
Emakumeek haurra galdu ostean bizitzen duten prozesua dolu prozesua da, bizitzaren sorrera suposatzen zuena heriotzean amaitu baita. Dolu prozesu hauek oso pertsonalak izan ohi dira, norberak bere modura bizitzen baititu, bere denboran. Jarraian emakumeek prozesu hau nola bizitu duten eta beraientzat zer suposatu duen aztertuko da. Prozesuan zehar identifikatutako beharrak eta gabeziak ere landuko dira, berebiziko garrantzia baitute sortzen dute dolua bizitzeko moduan.
Elkarrizketatutako emakumeen gehiengoa bat dator adierazterakoan bizitakoa oso prozesu gogorra izan dela, oso mingarria. Ezustean harrapatu zituen ez zuten batere espero. Ondorioz, psikologikoki eragin handia izan du haiengan eta denbora behar izan dute egoerari buelta emateko.
«Oso gogorra izan zen. Aste bete egon behar izan nuen ingresatuta.» (E1)
«Mina. Hasieran gaizki sentitzen zara. (…) atsekabe handia. Gainera, gelditzen zera hori, ba hutsa. Badaukazu zerbait eta bat-batean ez daukazu.» (E4)
Elkarrizketatuek adierazten dute haientzako kolpe handia izan zela abortua edo haurraren heriotza. Bizitzan 360 graduko bira suposatzen du galera honek, errealitatearen momentu batetik besterako aldaketa. Hori barneratzea eta onartzea oso zaila da. Hirugarren elkarrizketatuak adierazten du bat-batean heriotzarekin aurkitzeak eragin izugarria izan zuela bera eta bere bikotekidearengan. Beraien zati bat umearekin batera joan zela dio:
«Mundua erori zitzaidan. (…) Azkenean heriotzarekin topatu ginen, orduan izan zen… dena hankaz gora jartzea. Gure bizitza zela «super guay», dena hankaz gora jarri zen, eta dena hor puskatu zen. Niretzat, nire burua eta bikotearena haurrarekin joan egin ziren.» (E3)
Bostgarren elkarrizketatuaren kasuan, dolu prozesuan bizitako egoera pertsonala depresioarekin lotzen du. Garrantzia handia ematen dio norberaren barne indarrari. Momentuan guztiz kontziente ez zen arren aurrera egiteko indarra atera zuen, baina adierazten duenaren arabera honelako egoera baten aurrean suizidioa izan daiteke sufrimenduari aurre egiteko eta zulo horretatik ateratzeko hautatzen den beste aukera bat.
«Erortzen zara zulo batera. Depresioa? Ez dakit depresioa den hitza, baina lurra jotzen duzu, nik ikusi nuen nire buruak ezin zuela beherago erori. Hain behean zaudenean, erabakitzen duzu edo bizitza uztea edo bizitzen jarraitzea, eta bizitzen jarraitzea erabaki nuen. Orduan, momentu hartan ez nintzen kontziente.» (E5)
Doluaren sufrimenduari erditzearen sufrimendua gehitzen zaio. Barruan hildako haurra kanpora ateratzeko erditze prozesu normala aurrera eraman behar izan duten emakumeei oso gogorra egin zaie erditzea, ospitaletik esku hutsik ateratzea suposatzen baitu. Erditzeak suposatzen duen min fisikoari heriotzak dakarren min psikologikoa gehitzen zaio.
«Ume bat hiltzea zure barruan eta gainera erditze bat izatea oso gogorra da. Negar asko, denbora asko.» (E5)
«Izugarrizko mina sortzen dizu… zuk erditu behar duzu ume bat badakizuna han utzi ber duzula eta ospitaletik ateratzen zara deus gabe, haurdun sartu zara eta deus ere gabe ateratzen zara. (…) Sufrimendu hori pasata psikologikoki eta fisikoki, ze fisikoki nik nire kasuan behintzat oso gaizki pasa nuen.» (E1)
Lehenengo, bigarren eta seigarren elkarrizketatuentzat ere inflexio puntu bat izan zen haurraren galera. Aipatzen dute bizitzaren bapateko aldaketa suposatu zuela, etorkizunera begira eraikitako amets eta ideia guztiak une batetik bestera deuseztatu egin ziren eta hori onartzeko denbora behar izan zuten.
«Puf… mundua erortzen da. Momentu horretan, beno niri behintzat mundua erori zitzaidan bigarrengo horrekin. Orduan konturatu nintzen ba listo, batekin gelditu behar dut, bat badaukat eta aurrera egin behar da. Baina horretaz konturatu nintzen denbora asko eta gero.» (E1)
«Buelta ematen dizu denak. (…) Sekulako kolpea, sekulakoa. Kolpea izan zen momentuan baina kolpe handiena gero etorri zen, ze azkenean hilabete osoa egon nintzen nuen arazoa konpontzeko. Hortaz, fisikoki ondo jarri nintzen arte ez nintzen kontziente izan benetan pasa zenataz. Ondoren etorri zen kolpea eta orduan konturatu nintzen haurra galdu nuela. Momentu hori iritsi zen arte burbuila batean nengoela zirudien. Pasa zen, banekien pasa zela baina ez nintzen benetan kontziente haurra galdu nuela.» (E2)
«Egia esan san deskoloke bat izan zen. (…) Eta beno ba azkenean eten egiten da egun horretan bizitza. Zer esan, zer egin ez dakizula gelditzen zara. (…) Zure buruak egindako antolamendu hori guztia, ilusio guztiak bukatu egingo balirake bezala da eta hutsa gelditzen zara.» (E6)
Elkarrizketatuek orokorrean adierazi dute gogorra izateaz gain oso prozesu luzea izan dela notizia eman zen unetik dolu prozesua amaitu duten arte.
«Prozesua logelan sartzen zaren unetik bukatzen den arte, gehi zure dolu pertsonala bukatu arte oso luzea.» (E1)
Gainera kontuan izan behar da bigarren eta seigarren elkarrizketatuen kasuan, egindako interbentzioak direla eta gehiago luzatu zela. Prozesua ez zen haurraren erditzearekin amaitu. Izandako konplikazioen ondorioz erditze ondorengo errekuperazioa denboran asko luzatu zen eta adierazten dutenez ez zioten egoera behar bezala barneratzeko astirik eman, lehenengo fisikoki errekuperatu behar baitzuten.
«Oso luzea. Bai. Hasi zen… 21ean ospitaleratu zidaten, urriak 21ean, 23an legratuarekin bukatu zen prozesu hori eta gero, azaroak 23an egin zizkidaten beste 2 esku-hartzeak.» (E2)
«Buruan oraindik ez dut bukatu. Hortaz bukatu egin nahi dut. Oraindik prozesuan nagoela esango nuke. Zalantza konstante bat da. Esan zidaten prozesua nekagarria dela, ez da bukaera erraza, oso luzeak izaten direla, eta behintzat amaitu. Eta beno hasi pentsatzen orain zer egin. (…) Puf, nekagarria.» (E6)
«Etapa hau jaioko litzatekeen hilabetea iritsi arte ez da bukatuko. Gero jarraituko lukela beste modu batea e, baina… prozesu guzti hau, esandako egunetik bihotz taupadarena jaioko litzatekeen eguna arte nik uste oso presente egongo da. (…) Abuztuan izango da inflexio-puntua eta hor iada esango dut bukatu dela. Beno pentsatzen dut eh, agian ez da hala izango.» (E6)
Prozesua denboran hainbeste luzatzeak eragina dauka emakumeengan. Bostgarren elkarrizketatuaren kasuan, adibidez, urte asko igaro ziren lehen abortua izan zuenetik bere lehenengo semea jaio zen arte. Psikologikoki oso gogorra egiten da, mina urteetan zehar zabaltzen baita, amaiera lausotuz.
«5 edo 6 urte pasa ziren lehenengo abortua jasan nuenetik umea jaio zen arte. Orduan ba oso luzea, oso gogorra.» (E5)
Hirugarren eta bostgarren elkarrizketatuak bat datoz esaterakoan behar-beharrezkoa iruditzen zaiela dolu prozesua egitea. Norberak behar duen denbora hartu eta gertatutakoa behar bezala landu, zauria ondo sendatzeko. Egin ezean zauria ez da orbain bihurtuko, irekita jarraituko du dolua denboran zehar luzatuz eta egoerarekin bizitzen ikasi gabe.
«Niretzako oso garrantzitsua da dolua egitea. (…) Dolua hartu egin behar da, heldu, landu eta orduan aterako zara hortik, ze denborak estali egiten du, zerrikeria hor gelditzen da.» (E3)
«Nik uste prozesu guzti honek behar duela denbora. gertatutakoa onartu, dolua egin…» (E5)
Azpimarratzen den denbora hori kontuan izanik, lehenengo elkarrizketatuak adierazten du oso zaila egin zitzaiola gizartera atera eta azalpenak ematea. Bere burua indartzeko denbora behar zuen bitartean, behin eta berriro jendearen galderei erantzuteak prozesuan aurrerapausoak ematea zailtzen zuela adierazten du, etengabe gertatutakoa errepikatzen baitzuen.
«Eta gero gainera kalera atera eta aurre egin behar diozu gizarteari. Aurrera egin nahi duzun arren egoeran eta bizitzan jendeak behin eta berriro galdetzeak atzerapausoak ematea eragiten du. (…) Hasieran ez duzu kalera atera nahi azalpenik eman behar ez izateko. (…) Lehenik eta behin zure burua sendatu behar duzu ondoren gainontzekoei azaldu ahal izateko. (…) Niri oso zaila egin zitzaidan.» (E1)
Dolu gestazionalak hirugarren elkarrizketatuaren kasuan, haurdunaldiak beldurrez bizitzea eragin du. Ez ditu ilusioz bizitzen, beldurretik baizik, bigarren haurdunaldian bizitakoarekin lotzen baitu. Haurra jaio bitarteko prozesu bat bezala ulertzen ditu. Beste emakume batzuk haurdun ikusten dituenean ere gauza bera gertatzen zaio.
«Nik orain haurdunaldiak ez ditut disfrutatzen. (…) Inozentzia hori “de que guay” galdu dut. Nik emakume bat haurdun ikusten dut eta ez dit, ai… ze nik beldurretik bizitzen dut. Orduan niretzako da puro tramite, esaten duguna, umea besoetan edukitzeko. (…) Beldur asko daukat.» (E3)
Gizartean prozesu zoragarri gisa irudikatu arren, haurdunaldiak bere alderdi gogorra eta sufrimenduzkoa ere badauka eta hori ez ikusarazteak, gauzak espero bezala joaten ez direnean izugarrizko kolpea suposatzen du. Horren ondorioz, elkarrizketatuak haurra galdu zuenetik haurdunaldiak beste begirada batekin ikusten ditu.
Bostgarren elkarrizketatuak, bere aldetik, dolu gestazionala bizi duten emakumeen kasuan, haur bat edukitzen dutenean hari gehiegizko babesa ematearen arriskua dagoela goraipatzen du. Aurretik bizitako guztiaren ostean haur honi zerbait gertatzeko beldurra dela eta.
«Askiak izan behar dutela, orduan hor dago lan zail bat, eta gehiago abortuak eta izandu dituzunean ba beldur horrek eramaten zaituelako askotan, nire ustez, sobreprotekzio batera. Zure haurra, burbuila batean: ezer ez gertatzea, orain arte hainbeste gauza gertatu zaizkit, orain haur honi ezer ez gertatzea. Orduan askotan gure joerak dira sobreprotekzio hori ematea haurrari eta era berean dependentzia batean erortzen gara. Orduan hor norberak bere buruarekin lanketa haundia egin behar duela iruditzen zait.» (E5)
Gabeziak eta beharrak
Elkarrizketatuek adierazten dutenez gizartean gabezia handi bat dago gai honen inguruan. Ez da hitz egiten, tabu bat da eta ondorioz lehenengo elkarrizketatuak haurra galdu zuenean pentsatzen zuen beste inori ez zitzaiola gertatzen horrelakorik, ez baitzuen gertuko kasurik ezagutzen. Hirugarren elkarrizketatuak ere adierazten du heriotzaren inguruan, eta gehiago haurren heriotzaren inguruan tabu handia dagoela gizartean eta horrek gaiaren eta gehien bat haurraren existentziaren ukazioa eragiten duela uste du.
«Eta uste dugu gizartean haurdunaldian dena dela oso polita, oso ondo, ondo kontatzen dizutenean. Baina gaizki joaten denean inork ez dizu ezer esaten, uste duzu bakarra zarela munduan hori gertatzen zaiona eta psikologikoki gogorra egiten da, ze tabu bat bezala da. Inork ez dizu azaltzen ezer ere ez. Jendeari galdetu eta «ez dut hortaz hitz egin nahi, bada…» gaia aldatzen dute… guztiei gogorra egiten zaie.» (E1)
«Heriotza da tabu… eta beno haur baten heriotza ya ni te cuento… eta ez badute ikusi zuzenean ez da existitzen.» (E3)
Kontuan izanik gaiaren inguruan hitz egiteko zailtasuna, bigarren eta bostgarren elkarrizketatuek sentitu dute beren mina ez dela ulertua izan jendearengandik, adierazi baitzaie lasai egoteko eta berriro saiatzeko.
«Baina gainontzekoek esaten dizute «ba, lasai, pasako da, izango dituzu gehiago…» eta horrela. Orduan sentitzen duzu ez dizutela ondo ulertzen.» (E5)
«Ematen du oraindik gauza horiek gorde egin behar dituzula, ez daudela, hori pasa da ba listo. Gorde eta tira, beste bat etorriko da.» (E2)
Bigarren eta hirugarren elkarrizketatuek defendatzen dute eteten diren haurdunaldien tasa oso altua den arren oso gutxi ezagutzen direla, eta gutxiago hirugarren hilabetea baino lehen pasa badira. Kasu horietan, emakumeek bizitzen duten dolua inbisibilizatua izaten da, horrela dolu prozesua isiltasunean bizitzea eraginez.
«Esaten dute 4tik bati gertatzen zaiola. Ba begira zenbati gertatzen zaien eta zenbat dakizkigun. Oso gutxi, eta gehiago oraindik 3 hilabete baino lehen gertatu badira. Ze normalean gehienok 3. hilabete arte ez dugu ezer esaten.» (E2)
«Ikusgai egin behar den gauza bat da. Izan ere 4 haurdunalditik 1 ez doa aurrera. (…) Ez da hitz egiten. Hitz egiten da abortuak, lehenengo 12 asteak. Denok daukagu oso barneratuta: 12. astea arte ez kontatu haurdun zaudela, sekretua da. (…) Normalizatua daukagu hori. Eta ez gara konturatzen gure teilatuari harriak botatzen ari garela, emakume bezala ez gara errespetatzen. Heriotza bat egon daitekeela guk inongo errurik izan gabe eta edozeini gerta dakiokeela.» (E3)
Aipuetan adierazten den bezala, ezinbestekoa da inbisibilizazio horri aurre egitea gaiaren inguruan hitz eginez, errealitate naturaltzat ulertuz, egin ezean emakumeek galerak bakardadean bizitzen jarraituko bai dituzte, pentsatuz bakarrak direla. Gizartean heriotzaren inguruan existitzen den tabua lantzea oso beharrezkoa da haurren heriotzaren inguruan hitz egin ahal izateko.
Bigarren eta laugarren elkarrizketatuak bat datoz azaltzerakoan gizartea ez dagoela prest honelako egoerak bizitzeko.
«Ez gaude prestatuta horretarako. (…) Barneratuta daukagu guztiak ondo joan behar duela.» (E4)
«Ez gaude inondik inora prestatuta horrelako egoera bat bizitzeko. Entzunda daukagu ez dakit zeini zerbait gertatu zitzaiola baina ez dakigu ezer, oso berria da guztia.» (E2)
Bestalde, emakumeen gehiengoak adierazten du bizitakoaren inguruan hitz egitea eta konpartitzea oso lagungarria izan dela beraientzat. Gertatutakoaren inguruan lasaitasunez hitz egitea eta ez barnean gordetzea oso garrantzitsua da.
«Psikologikoki lagundu egiten du beste pertsona batekin zuri gertatutakoa partekatzeak. Ez dela gorde behar, ez da ezer txarra.» (E1)
«Hitz egiteak ere on egiten du. Ez gordetzea gertatutakoa. Hasieran gordetzen bezala, edo ez nuenean hitz egin nahi okerrago sentitzen nintzen eta naturaltasun osoz hitz egiteak asko laguntzen dit.» (E2)
«Niretzako hitz egitea oso garrantzitsua da. Gauzak ateratzea, nola zauden esatea eta besteak esaten duena entzutea ere onuragarria izan daiteke. (…) Eta ez sentitzea bakarra zarela, badagoela jende asko.» (E4)
«Niretzako oso garrantzitsua da norbaitekin partekatzea. (…) Partekatu ahal izatea, erraz esatea zer gertatu den. Lehenengo egunetik esatea «hau gertatu zitzaidan» lagungarria da, ez gezurretan ibili izatea edo.» (E6)
Hirugarren, bostgarren eta seigarren elkarrizketatuek aho batez adierazten dute ezinbestekoa dela gaiaren inguruan hitz egitea, normalizatzea eta bistaratzea. Horrek batetik, gizartea honelako egoera baten aurrean prest egoten lagunduko luke eta aldi berean, dolu prozesua arintzen. Bestetik, dolu gestazionala bizitzen duten emakumeentzat ez litzateke hain zaila izango gertatutakoaren inguruan hitz egitea, gizartean normaltasunez tratatzen den gauza bat izanik. Horrek ere dolu prozesua arinduko luke, emakumeek gizartearengandik jasotako erantzuna bestelakoa izango litzatekeelako.
«Ez da hitz egiten eta ez da entzuten eta inork ez dizu azaltzen aukera horiek daudela… guzti hau gero eta gehiago entzuten da baina ez da esaten. Orduan ba arraioa, heriotzarekin topo egiten duzu aurrez aurre.» (E3)
«Hitz egiten bada eta esaten bada gertatu daitekeela ba prest zaude gertatu daitekeenaren aurrean. Baina ez zaude ez, haurdun zauden unetik imajinatzen hasten zara haurrak ez dakit zenbat urte dituenean ez dakit zer… ez? Momentuan momentukoa (…) ezustekorik ez izateko.» (E5)
«Zabaldu egin behar dela, ikusarazi gertatzen direla. Azkenean tasa oso handia da, emakume gehienek bizitzen dute hasieran, erdian, bukaeran… (…). Behin zabaldu eta gizartean beste modu batera ikusten denean aldatuko da: zuk lasaiago esango duzu, laguntza gehiago egongo dira, mediku gehiago egongo dira, elkarte gehiago… azkenean horrek dena errazten du. Hortaz zabaldu egin behar dela eta gaia landu, (…) horrek denok prestatuago egoten lagunduko luke, baita medikuak ere.» (E6)
Aurrera egiten lagundu diotena
Emakumeei dolu gestazionalaren prozesuan aurrera egiten lagundu diotenaren inguruan galdetutakoan erantzun nahiko antzekoak eman dituzte. Guztiek sentitu dute familia eta ingurua babes gune garrantzitsutzat.
«Eta ondokoak: senarrak, gurasoak, lagunak, familiak… ere aurrera egiten laguntzen dizute. Eskerrak haiei.» (E1)
«Nik neukan sostengu emozionala: nire familia, nire lagunak, nire bikotea bua…(ahotsa dardarka) emozionatu egiten naiz… nire semea eta ondoren, sostengu profesionala esango nuke. Gure psikologoa (…) emagiña…» (E3)
Bostgarren elkarrizketatuak norberaren izaerari eta autoestimuari ere garrantzia handia ematen dio, aurrera egiteko orduan garrantzitsua dela adierazten du.
«Bizitzeko gogoa eta jakitea, beno ni konbentzitua nengoen haurdun geldituko nintzela berriz eta haur bat izango nuela. (…) Agian askotan jasotako heziketak aurrera egiten laguntzen dizu, babestuta zauden familiarengatik, bikotekidearekin, zu zeure buruarekin ongi zauden…» (E5)
Lehenengo, laugarren eta seigarren elkarrizketatuek, berriz, aurretik alaba bat zuten eta adierazten dutenez, ingurukoen babesa oso garrantzitsua izan bada ere, alaba izan da aurrea egiten lagundu diotena. Burua momentura ekartzen lagundu diote, haurrak behar zuen atentzioak orainara itzultzen lagundu die eta hori oso garrantzitsua izan da beraientzat, sentitu dute alabarengatik aurrera egin behar zutela.
«Familia eta alaba. Alaba batez ere. (…) Babes handia ematen dizu. (…) Bere erritmoan joan behar duzu. Ezin duzu atzean gelditu.» (E1)
«Alaba esango nuke. Lehenengo egun horietan, ez duzunean ezertarako gogorik: goazen parkera? Ba goazen parkea». Aitzakia horrek laguntzen dizu azkenean egunerokotasunean. Eta nik uste horrek eman didala bizipoza. (…) Une horretara bertara ekartzen dizu.» (E6)
Horrekin batera lehenengo eta laugarren elkarrizketatuak goraipatzen dute haurdunaldiaren etenaldia ematen den kasuetan lehenagotik seme-alabarik ez edukitzeak dolu prozesua zaildu dezakeela. Bat datoz esaterakoan lehenagotik haurrik ez bazuten izango prozesua oraindik eta gogorragoa egingo zitzaiela.
«Nik lehenengoa ere banuen. Uste dut errazagoa dela aurrera egitea ze lehenengoa ez baduzu izan eta hasieratik horrelako prozesu batekin hasten bazara agian galderak etortzen zaizkizu.» (E4)
«Nik kasu honetan banuen bat, baina seguruenik ez banuen izango, ez banintzen ama izango aurretik ez dakit nola gaindituko nuen hutsune hori. Ze zuk ama izan nahi duzun unetik hutsune potolo bat gelditzen zaizu. Eta behin hirugarren haurdunaldia gaizki joan zenean eta esan zidatenean ezingo nuela haurrik izan, puf…» (E1)
Bigarren eta hirugarren elkarrizketatuek aipatzen dute erietxeko zerbitzuez gain beste profesional batzuengana jo dutela laguntza eske. Bi emakumeek azpimarratzen dute profesional hauen laguntzaren garrantzia. Haiengan eragin handia izan baitute. Biak aipatzen dute psikologora joan direla.
«Psikologoa, (…) emakume hauek topatzea (…) elkartearen bitartez.» (E2)
Aurreko aipuan ikus daitekeen bezala, bigarren elkarrizketatuak elkarte bat ere aipatzen du. Elkartea Esku Hutsik da. Bi emakumeak jarri ziren harremanetan elkarte honekin eta asko lagundu diotela adierazten dute. Bertan egoera bera pasa duten emakumeekin harremanetan egoteko aukera izan dute eta hori oso lagungarria izan dela diote, ulertuak sentitu baitira.
«Esku Hutsik izena du elkarteak. Hor babesa aurkitu nuen. Gehiago ulertzen zidan jendea. Hasieran inork ez zidala ulertzen ikusten nuen, eta hor bai, nire antzeko prozesua bizi dutenekin ulertua sentitzen nintzen.» (E2)
«Ni jarri nintzen harremanetan. Esku Hutsik heriotza perinatalari buruzko elkarte bat da, heriotza perinatal, neonatal eta gestazionala lantzen dituena. Ea beno, familiez osatutako elkarte bat da.» (E3)
Bestalde, hirugarren elkarrizketatuak adierazten du medium batera joan zela haurra galdu ondoren eta bertan beste inorek eman ezin zizkion erantzunak jaso zituela eta horri esker barne-bakea sentitu zuela. Oso lagungarria egin zitzaion.
«Medium batera joan ginen. (…) Erantzun asko eman zizkidan eta horren bidez una paz interior bezala lortu nuen eta hortik, heriotza edo galtze hori beste modu batera ikusi dut, beste ikuspuntu batekin.» (E3)
Hortaz, aipuetan ikus daitekeen bezala, norberak bere modua izan du dolu prozesuan aurrera egiteko eta gainditzeko. Familia eta ingurua izan da kasu guztietan babes gune nagusiena. Lehenago seme-alabak zituztenen kasuan, haiek goraipatu dira helduleku garrantzitsutzat. Bestalde, zenbait emakumek jaso dute laguntza profesionala. Psikologoak eta elkarte bat goraipatu dira, baita medium bat ere. Kasu guztietan oso baliagarria izan da profesional horien laguntza, garrantzia handia eman diete.
Ondorio nagusiak
Gizarte patriarkalak amatasunaren inguruan egindako eraikuntza sozialak emakumeen gainean aztarna uzten jarraitzen du. Emakumeak haurrak direnetik jasotzen dute beren barnearen ama izatearen ideia, etorkizuneko amets bilakatuz. Haurdunaldia eta amatasuna emakumeen izatearen ezaugarri nagusitzat ulertzen jarraitzen dira. Gaur egun adin zehatz batera iristean emakumeek amatasunaren inguruko galderak erantzuten jarraitzen dute, baina kasu horietan gizartea ez da ohartzen emakume guztien egoera ez dela berdina. Alde batetik, gizartean emandako aurrerapausoei esker haurdunaldia gaur egun ez da bete behar bat, erabaki pertsonal bat baizik. Bestalde, gizartean zabalduta dagoen amatasunaren ideiak alde batera uzten ditu haurdunaldi prozesuan aurkez daitezken arazo eta zailtasun guztiak. Hori dela eta, galdera horiek eragin oso negatiboa izan dezakete emakumearengan.
Esan bezala, emakumeek presio sozial handia sumatzen dute haurrak edukitzeko eta amak izateko. Hortaz, emakumeek porrot pertsonal gisa ulertzen dute haurra galdu izana, ez baitute beraien ametsa lortu. Horrek, erruduntasuna eragiten du, zerbait gaizki egin izanaren sentipena. Gainera, aurretik haurdunaldiaren inguruko galderak zirenak bapatean isilune bilakatzen dira. Heriotzaren inguruko tabuak, haurren heriotza tabu handiago bilakatzen du. Beraz, emakumeek gaiaren inguruan mutu mantentzen den gizarte bati egin behar diote aurre, beren mina irentsiz eta ahal duten moduan digerituz. Horren ondorioz, esan liteke heriotza gestazionala bizitzen duten emakumeek dolu inbisibilizatua bizitzen dutela.
Gaiaren inguruko inbisibilizazioa gizarteko esparru guztietan islatzen da. Honelako egoera asko ematen direla kontuan izanik, ezinbestekoa da emakumeak nola artatu jakitea, eragin handia izango baitu jasotako arretak, dolu prozesuaren hasiera markatuko baitu. Beraz, oso garrantzitsua da babesa ematea, gertutasuna sentiaraztea, enpatizatzea eta prozesuaren inguruan beharrezko informazio guztia ematea. Egoera hauetan oso garrantzitsua da informazioa behar bezain bestetan errepikatzea eta idatziz ere ematea, galerak eragindako shock-ak ez baitu laguntzen informazioa barneratzen.
Gaiak gizartean pairatzen duen inbisibilizazioak prozesuak osotasunean suposatzen duen guztian du eragina. Hortaz, isildutako doluak izanik, prozesua lantzeko eskaintzen diren laguntza zerbitzuak ere itzalean daude. Emakumeek erietxetik irtendakoan ez dute jakiten nora jo laguntza eske. Horrek are gehiago zailtzen du izatez malkartsua den bidea. Gaiaz hitz egiten ez den bitartean ondorengo belaunaldiek ematen diren errealitate hauek ez dituzte ezagutuko eta gertatuz gero ezusteko ikaragarria izango da. Modu honetan sorgin gurpilaren fenomenoa gertatzen da, dolu gestazionalaren errealitatea landu ezean etengabe biraka ibiliko da, bukaerarik gabe.
Amaitzeko, esan liteke beharrezkoa dela gizartean errealitate hauen inguruan hitz egiten hastea, normalizatzea, haurdunaldiaren prozesuaren parte bezala ulertzea. Honela gaiari ikusgarritasuna emango litzaioke eta emakumeek lasaiago kontatuko lukete gertatu zaiena. Aldi berean, etorkizunean haurdun gelditzen direnak ere presatuago egongo dira, gehiago jakingo dute gaiaren inguruan eta erreminta gehiago izango dituzte eskuragarri aurrera egiteko. Beste erronka garrantzitsu bat emakume hauei ama izan direla onartzea da, horrek haurraren existentzia baieztatzen baitu eta hori oso garrantzitsua eta sendagarria da dolu prozesurako. Haurrarekiko lotura lehenengo momentutik sortzen da, medikuak edo testak haurdunaldiaren berri ematen duten momentutik. Beraz, oso garrantzitsua da haur horiek ere kontuan hartzea, seme-alabak baitira, nahiz eta fisikoki ez egon. Emakumeek umea galdu aurretik haurdunaldiaren prozesuak suposatzen dituen aldaketa guztiak sentitzen dituzte, amatasuna sentitzen dute. Heriotza ez da ahanzturaren adierazle, heriotza bizitzaren amaiera da, norbait existitu denaren seinalea. Beraz, esaten ez den oro pentsatzen da, ukitzen ez den oro sentitzen da, ikusten ez den oro maitatzen da.
Bibliografia
Agudelo, Jesica., Bedoya, Johana, eta Osorio, Dora Liliana. 2016. «Ser mujer: entre la maternidad y la identidad». Revista Poiésis, 306-313.
Annunciato, Rafael. 2013. «Elaborando um texto científico». Revista eniac pesquisa, 2(2): 141-147.
Batthyány, Karina eta Cabrera, Mariana. 2011. Metodología de la investigación en ciencias sociales: apuntes para un curso inicial.
Bouquet de Durán, Romina Izzedin. 2012. «Aborto espontáneo». Liberabit, 18(1):53-58.
Cid, Rosa María. 2009. «Simone de Beauvoir y la historia de las mujeres. Notas sobre El Segundo Sexo». Investigaciones feministas, 65-76.
Claramunt, Maria Ángels., Álvarez, Mónica., Jové, Rosa., eta Santos, Emilio. 2009. «La cuna vacía. El doloroso proceso de perder un embarazo». La esfera de los libros.
De Armas Marrero, Rebeca., eta Rodríguez Moreli, Jorge Luis. 2015. «Crítica a la excesiva estandarización del texto científico en maestrías y doctorados en Didáctica de Ciencias Sociales y Humanidades». Revista UNIANDES Episteme, 2(4), 294-308.
Herrera, Juan. 2008. «La investigación cualitativa».
Mendoza, Mayra Andrea., Monsalve, Silvia Juliana., eta Suarez, Paula Andrea. 2020. «Efectos físicos y psicológicos implicados en el aborto espontaneo e inducido en la mujer» [tesis de pregrado, Universidad Cooperativa de Colombia].
Ministerio de Salud. 2022. Norma General Técnica y Administrativa de la Ley 21.371 Para el Acompañamiento Integral de las Personas en Duelo Gestacional y Perinatal. Subsecretaría de Salud Pública y Subsecretaría de Redes Asistenciales.
Molina, Stefania. 2014. «El mito del instinto maternal y su relación con el control social de las mujeres». Monografía, Trabajo Final de Grado de la Licenciatura en Psicología. Universidad de la República, Chile.
Ministerio de Salud Pública. 2013. «Diagnóstico y tratamiento de aborto espontáneo, incompleto, diferido y recurrente». Guía de Práctica Clínica, 15-16.
Ortez, Eladio Zacarias. 2009. «La entrevista en profundidad en los procesos de investigación social». La Universidad, (8).
Páez Cala, Martha Luz., eta Arteaga, Luisa Fernanda. 2019. «Duelo por muerte perinatal. Necesidad de una atención diferencial e integral». Archivos de Medicina, 19(1), 32-45.
Palomar, Cristina. 2005. «Maternidad: historia y cultura». La ventana. Revista de estudios de género, 3(22), 35-67.
Pastor Montero, Sonia María et al. 2011. «La vivencia de la perdida perinatal desde la perspectiva de los profesionales de la salud». Revista Latinoamericana de Enfermagem, 19, 1405-1412.
Ruiz Olabuénaga, Jose Ignacio. 2013. «Metodología de la investigación cualitativa». Universidad de Deusto.