Recensión · Liburu iruzkina

Leire Escajedo San Epifanio, Julen Zabalo Bilbao
eta Igor Filibi Lopez (ed.).
Demokrazian sakontzea eta parte hartzea,
hainbat eskalatan (2023)
Leioa: UPV/EHU

Jon Fernández Iriondo[1]

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

Demokrazia ez dago bere garairik onenean. Munduaren luze-zabalean autoritarismoranzko joera dagoen honetan, demokraziaren etorkizuna ezbaian dago[2]. Testuingurua ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa omen da pentsamendu kritikoa sustatzea «herritartasun» eta «demokrazia» kontzeptuen inguruan. Kontzientzia demokratikodun herritar kritikoen trebakuntzan laguntzeko asmoz hain zuzen, eskuliburu hau plazaratu dute UPV/EHUko hogei bat irakasle eta ikertzailek, gonbidatutako zenbait aditurekin batera. Julen Zabalo, Leire Escajedo eta Igor Filibi editoreek kapitulu editorialean diotenez, liburuaren egile guztiek ikuspegi normatibo bera dute, Parte Hartuz ikertaldearen printzipioetako batekin bat datorrena: sakontze demokratikoa posible eta beharrezkoa delako konbentzimendua. XXI. mendearen hasieran demokraziaren gaineko produkzio akademikoa kuantitatiboki izugarria dela kontuan hartuta, eskuliburu honen berezitasuna ez litzateke euskarazko ikasmateriala izatea bakarrik, baita Euskal Herriko ezagutza eta esperientziak barnebiltzea ere. Gure gizartea «aspalditik benetako laborategi sozial eta politikoa» izanda zenbait arrazoi direla medio (kokapen geografikoa, motor ekonomikoa izatea, nazio-identitatearen auzia, etab.), euskal begirada bat aberasgarria da oso, demokraziak egun hartzen dituen formez eta eskala berriez hausnartzeko (15. orrian). Kapitulu bakoitzak demokraziaren, herritartasunaren edota subiranotasunaren ertz bat jorratzen du, tokian tokikotik nazioartekora bitarteko eskaletara proiektatuta egonda lanok.

Egituraren aldetik, kapitulu editorialaren eta Argimiro Rojoren ekarpenaz gain, eskuliburuak bost atal ditu, bakoitzak lau kapitulu barne hartzen dituelarik, bosgarren atalak izan ezik: I. ataleko lanek neoliberalismoak demokrazian duen eragina aztertzen dute ikuspuntu ezberdinetatik; II.ak parte hartzeko era berriak ditu aztergai Mendebaldeko demokraziaren hainbat eskalatan; III. ak Euskal Herriko —edo EAEko— zenbait esperientzia jorratzen ditu parte hartzeko estrategiei dagokienez, eta IV.ak Mendebaldeko demokraziak aztertzeko epistemologia eta metodologiei heltzen die. V. atalean, Iñaki Zaldua Callejak amaiera ematen dio ikasmaterial honi funtsezko kontzeptuak definitzen dituen glosategi-kapitulu baten bitartez. Jarraian, kapitulu bakoitzaren edukia laburbilduko dut, kapituluak eskalaka multzokatuz.

Lehenik eta behin, bi dira tokiko eskala jorratzen duten kapituluak. Alde batetik, «Hirien suntsipen sortzailea eta demokratizaziorako aukera berriak aztertzen» izeneko kapitulua dugu. Bertan, Iago Lekuek eta Imanol Telleriak hirietako estatu lokalen botere arautzailearen dinamikak eta tokiko agentzien rol berria jorratzen dituzte, berreskalamendu neoliberalaren testuinguruan. Hiri Teoria Kritikoan eta «suntsipen sortzaile»aren kontzeptu schumpeteriarrean oinarrituta, azaltzen dute zer-nolako formak hartzen dituen hirietan neoliberalismoaren lur hartzeak eta bere faseek: protoneoliberalismoak, murrizketen neoliberalismoak, eta hedapen-neoliberalismoak. Horren aurrean, hiriak demokratizatzeko aukerak handitzeko edo egikaritzeko beharrezkoak dira kolibrazioa (hau da, «hainbat aktoreren arteko oreka lortzeko esku-hartze estrategikoa»), politika publikoen koprodukzioa parte hartzeko mekanismo egonkorren bidez, eta gizarte-mugimendu urbanoak (hala nola, etxegabetzeen aurkako mugimenduak). Ekintza kolektiboa kontraneoliberalizaziorantz bideratu beharra legoke.

Bestetik, Zesar Martínez, Izaro Gorostidi eta Andere Ormazabalen kapituluak «Parte hartze politikoa eta ekintza kolektiboa: herri-ekimenaren eta administrazio publikoaren arteko harremanak» du izenburu. Harreman horien zenbait elementu korapilatsu azaldu ostean (gizarte-mugimenduek eremu instituzionalaren aurrean izaten dituzten jokabide politikoen continuum-a, autonomia politiko eta ekonomikoa gordetzetik instituzioetan eragiteko eta ekiteko prestasuneraino; desbideratzaile kooptatzailearen arriskua, etab.), tokian tokiko bi esperientzia aztertzen dituzte: Gernikako Astra eta Santutxuko Karmela. Bi kasuok frogatzen dute «egitasmo herritarren eta administrazio publikoen arteko dialogoak eta lankidetzak ahalbidetu egiten dute[la] interes orokorreko premia sozialak asebetetzeko espazio eta dinamika komunitarioak eraikitzea» (378. orrian). Halaber, frogatuta geratzen da unibertsitateak ekarpen nabarmena egin dezakeela ekintza kolektiboko espazioetan eta instituzioekiko harremanetan.

Bigarrenik, euskal eskalari —edo, kasu gehienetan, EAEko eskalari— dagokionez, Jon Azkunek, Eneko Ander Romerok eta Jule Goikoetxeak kapitulu interesgarria eskaintzen digute «Sindikalismoa eta demokratizazioa kapitalismo globalean: Euskal kasua» izenburupean. Ikuspegi Estrategiko Erlazionalean eta gobernamentalitate neoliberalaren ulerkera foucaultarrean oinarrituta, demokrazia «demokratizazio eta desdemokratizazio prozesuen interakzioaren emaitza»tzat jotzen dute. Interakzio horretan, sindikalismoa —kasu honetan, euskal gehiengo sindikala— aktore demokratizatzailetzat identifikatzen dute. Alabaina, EAEren testuinguruan, demokraziaren pribatizazioaren[3] aurpegietako bat euskal gehiengo sindikalaren kanporaketa sistemikoa izango litzateke hain zuzen. Horren aurrean, gehiengo sindikalak konfrontazioaren alde egin izan du, baina aldi berean kontzertazioaren —alegia, lan harremanen esparru propioaren— beharra aldarrikatuz etengabean. 2009ko krisiaz geroztik, ELAk, LABek eta gehiengo sindikalaren parte diren gainontzeko sindikatuen jarduera «estatismo komunitarista»tzat jotzen dute autoreok.

Nerea Zubillaga Herranek eta Noemi Bergantiños Francok, euren aldetik, gizarte-zerbitzuen erronkei buruz hausnartzen dute gizarte-langintza komunitarioaren eta parte hartzearen ikuspegitik, eta Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren adibidea erabiltzen dute horretarako. Espainiako estatuan eredu mediterranearra dago indarrean, horren bereizgarria izanik familiaren papera ongizatea eta segurtasuna hornitzeko. Sistema horrek, esan gabe doa, desparekotasun sozialak erreproduzitzen ditu. Erronken artean, aipatzen dute gizarte-zerbitzuen kutsu indibidualista eta asistentzialista alboratzeko eta gizarte-langintzaren dimentsio kolektiboa eta egiturazkoa berreskuratzeako beharra. Sakontze komunitariorako, ezinbestekoa omen da herritarrak partaide egitea: alegia, herritarrek premiei buruzko hausnarketan parte hartzea eta erabakiak hartzean presente egotea. EAEren kasuan, legeak komunitateari emandako aitortza gorabehera, datuek erakusten dute aitortza horrek ez duela behar adinako islarik izan errealitatean.

III. atalaren 2. kapituluan, berriz, euskal gazte aktibisten herritartasun-praktika performatiboak dituzte hizpide Ane Larrinagak, Mila Amurriok, Iker Iraolak eta Onintza Odriozolak. Hauteskundeetan gazteen abstentzio-maila oso altua izaten bada ere, horrek ez du esan nahi gazteak erabat apatikoak direnik politikoki; aitzitik, gazteek politikan parte hartzeko moduak aldatu egin dira. Gaur egun, modu horiek askotarikoagoak, zatituagoak eta noizbehinkakoagoak dira. Haien ekintza politikoa kausa jakin batzuetara bideratuta egon ohi da eta eguneroko bizitzak eskainitako aukerak —bizimoduak, elikadura eta birziklatze errutinak, interneteko jarduerak, etab.— baliatzen dituzte ekintza politikoa garatzeko. Oro har, kultura aktibistak lehen baino eredu indibidualizatuagoak ditu, neoliberalismoak sustatutako herritartasun-ereduaren ondorioz. Testuinguru horretan, ikertzaileok 18 eta 35 urte bitarteko 17 gazte ekintzaile elkarrizketatu dituzte EAEn eta NFEn. Aurkikuntzek berresten dute eguneroko mikropolitikak garrantzi handia duela euskal gazteen artean (zein hizkuntzatan komunikatu, nola eraiki pertsonen arteko harremanak, sexualitatea garatzeko moduak, etab.), ohiko «praktika liskartsu»ez gain —manifestaldiak, kontzentrazioak, etab.

Gazteen herritartasun-praktikez gain, etorkinen integrazio-pertzepzioa eta parte hartze soziopolitikoa ere aztertzen du eskuliburu honek. Izan ere, Arkaitz Fullaondok eta Gorka Morenok EAEko etorkinen —kasu honetan, nazionalitate espainiarra ez dutenen— egoera aztertzen dute metodologia kuantitatiboaz. Aurkikuntzak honela laburbil ditzakegu: i) etorkinek biztanleria osoaren maila berean parte hartzen dute; ii) atzerritar profil ezberdinak daude parte hartze-motaren arabera; iii) parte hartzen duten etorkinek integratuago ikusten dute euren burua; iv) elkarteei dagokienez, etorkinek batez ere hezkuntza, kultura eta kirol-elkarteetan parte hartzen dute eta elkarte horietan parte hartzen dutenek integrazio-pertzepzio handiagoa dute, eta v) antolakunde sozial eta politikoei datxekiela, parte hartze-maila handiagoa da etorkinei laguntzen dieten antolakundeetan eta sindikatuetan.

Zehazki euskal testuingurua jorratzen ez badute ere (ez, behintzat, sakonki), nazioaren zenbait alderdi maila abstraktuan lantzen duten kapituluak ere badaude. Batetik, Ander Vizán Amorósek, Amalur Álvarezek eta Julen Zabalok «Erabakitzeko eskubidea: estatu berriak sortzeko bide demokratikoen bila» kapitulua idatzi dute. Bertan, autodeterminazioaren eta sezesioen historia eta teoriak birpasatu ostean, eskubide berri baten teorizazioari nahiz praktikari heltzen diote: erabakitzeko eskubideari, hain zuzen. Eskubide hori mende honetako hasieran teorizatu da deskolonizazio-kasuekin edo larrialdi-egoerekin erlazionatuta ez dauden sezesio-prozesuen testuinguruan, betiere erreferendumekin lotuta. Modu horretan, erabakitzeko eskubidea autodeterminazio-eskubidea demokratizatzeko saiakera litzateke, eskubide hori lurralde zehatz eta demokratikoki antolatu batean kokatutako erkidego orori bailegokio.

Bestetik, Igor Calzada Cardiffeko Unibetsitateko ikertzaileak «Datafikazio estrategia emantzipatzaileak» ditu hizpide. Krisi pandemikoak zenbait prozesu ekonomiko, politiko, teknologiko eta sozial paralelo abiarazi ditu, krisi algoritmikoan hezurmamitzen ari direnak, eta, haren ustean, horrek guztiak kalteak dakartza demokrazia-mailan. Demokraziari eusteko, beharrezkoa da «subirautza teknologikoa» eskuratzera bideratutako estrategiak —hau da, «datafikazio estrategia emantzipatzaileak»— formulatzea eta garatzea. Izan ere, Google, Apple, Facebook, Amazon eta Microsoft-ek aspalditik praktikatzen dute «zelatatze-kapitalismoa» delakoa. Egoera hori izanik, erreminta-kaxa bat proposatzen digu Calzadak, estatugintza demokratikorako beharrezkoak diren lanabes hauek barnebiltzen dituena: i) naziogintza algoritmikoa; ii) datu-subirautza; iii) eskubide digitalak eta haiek defendatzeko tresnak (hala nola, Cities’ Coalition for Digital Rights), eta iv) datu-kooperatibak.

Hirugarrenik, estatuaren eskalari datxekiola, Jone Martínez Palaciosek, Andere Ormazabalek eta Igor Ahedok parte hartzearen instituzionalizazioa aztertzen dute Espainiako estatuan 1978tik 2017ra arte. Parte hartzearen aldaketa neoliberalak hiru mugimendu barne hartzen baldin baditu (demokraziaren krisiaren topos mekanizista baten naturalizazioa, parte hartzearen burokratizazio neoliberala eta parte hartzearen merkantilizazio pribatiboa), hirugarrenean zentratzen da ikerlana. Ikuspegi estrukturalista genetikotik abiatuta, aztertzen dituzte parte hartzearen mugarri diskurtsibo eta juridikoak eta hura ezartzeko jardunbideak, Espainiako partaidetzaren araubide juridikoa eta Espainiako partaidetza-zerbitzuak ematen dituzten agentzia nagusien eskaintzak. Azken horri datxekiola, bi merkatu bereizten dituzte. Batetik, parte hartzearen merkatu neoliberala edo «nebulosa» legoke. «Administrazioari coaching egiten dioten sofistek» osatuko lukete merkatu hori. Diskurtso neoliberal eta merkantilistak ezaugarritzen du merkatu hori, talde enpresarial ertain-handiz osatuta dagoena. Bestetik, parte hartzearen merkatu soziala ekonomia sozial eta solidarioko sareetan dago saretuta, kooperatibez osatuta dago eta kooperatiba horiek konpromiso militantea izan ohi dute. Planteamendu kritiko eta feministak izaten dituzten kooperatiba horiek, konpromiso militantea izan ohi dutenek, aurre egin behar izaten diete neoliberalismoaren domestikazio-saiakerei.

Maila abstraktuan baina estatuaren eskalan ardaztuta, Ainhoa Lasa eta Leire Escajedo Zuzenbide Konstituzionaleko irakasleek oinarri juridiko-konstituzionalen inguruan hausnartzen dute, bidezko ordena sozial eta ekonomikoa xede izanik. Horrela, demokrazia, konstituzioa eta estatua ulertzeko modu ezberdinen genealogia azaltzen dute (formala eta sustantiboa, liberala eta soziala, monoklasea eta pluriklasea), argudiatuz Bigarren Mundu Gerraren osteko konstituzioek ez zutela benetako konstituzionalismo soziala islatzen, ongizate-estatua baizik, non arlo politiko eta sozialean joera pluriklasea onartzen zen, baina ekonomiaren zuzendaritzan estatuak izaera monoklasea mantentzen zuen. Gaur egun, «merkatu-estatu»aren forma hartzen dute gure estatuek Europar Batasunaren baitan, honako hauek izanik haien printzipioak: i) estatuaren gutxieneko esku-hartzea; ii) merkatu globalaren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzea; iii) nazioartean boterea bilatzea eskualde-blokeetan txertatuz, eta iv) beste estatuekin lehian aritzea. Estatu-forma hori, esan gabe doa, erabat bateraezina da estatu sozialarekin.

Saul Curto Lópezek eta Luis Miguel Uharte Pozasek, euren aldetik, «Herri-boterea, eraldaketa demokratikorako subjektu gisa. Demokrazia komunala eraikitzeko subjektua, proiektua eta prozesua» izenburu duen kapitulua idatzi dute. Demokrazia liberalaren krisiaren eta indibidualizazioaren aurrean, demokrazia komunalak komunitatean eta egiazko herri-boterean —hots, mendeko klaseen boterean— ardaztutako eredua litzateke. Lehenik, prozesuari dagokionez, botere dualaren alde egiten dute: «kontua ez da Estatuaren kontra ala Estatuarekin; aitzitik, herri-boterearen eraikuntzan, beharrezkoa eta osagarria dira Estatuaren aurkako borroka, Estatuaz haratagoko borroka eta Estatuarekin(-tik) egin beharreko lana» (188. orrian). Bigarrenik, herri-botereak aginte horizontala, demokratizatua eta heterarkikoa dakar berekin, zutabe izanik zuzeneko demokrazia, egiturazko parte hartze politikoa eta jabetza komunala. Hirugarrenik, subjektu indibidualizatuaren ordez, subjektu kolektibo eta pluralaren eraketa planteatzen du herri-botereak, identitate zapaldu ezberdinak batuz aniztasunaren aintzatespenaren eta artikulazioaren bitartez.

Laugarrenik, Europar Batasunaren eskalan, Javier Uncetabarrenechea eta Igor Filibiren kapituluak «Krisia eta berrikuntza demokratikoa integrazio-prozesuan: subiranotasun europar baterantz» du izenburu. Egileek kezka hau hartzen dute abiapuntutzat: «eskala europarra garatu behar da eraginkorra izan dadin, baina [...] eraginkortasuna bilatzeak ez du esan nahi demokraziari buruzko eztabaida alde batera uztea» (138. orrian). Demokrazia eta krisialdiek eskatzen duten eraginkortasuna uztartzeko, gakoa litzateke subiranotasunaren ikuspegi monistatik ikuspegi pluralistara igarotzea. Bestela esanda, estatuen subiranotasun esklusiboaren eredua erabat zaharkituta dago, eta konponbidea ez datza eredu hori europar eskalara eramatean, baizik eta subiranotasun klasikoa gainditzean, subiranotasun pluralistaranzko norabidean, non subiranotasuna EBren, estatuen edota bestelako eskala politikoen artean banatuta legokeen.

Bosgarrenik, eskala globala edo nazioartekoa dugu. Vigoko Unibertsitateko irakaslea den Argimiro Rojok eredu demokratiko kosmopolita bat aurkitzeko erronkari heltzen dio. Estatu-nazioen gainetik dauden zenbait erronkak gobernantza-eredu globala eskatzen dute, eraginkorra izateaz gain demokratikoa ere izan behar dena —ildo horretan, demokrazia ordezkatzailea deliberazio-demokrazia parte hartzaileaz osatzearen alde agertzen da egilea. Hobekuntzak hobekuntza, egungo gobernantza globalaren gabeziak azpimarratzen ditu Rojok: erakunde politiko inklusibo eta irekirik ez egotea; kontu emateko mekanismo argirik ez egotea; erakundeen gainjartzea; justizia-auzitegi globalen mugak; nazioarteko legediaren aplikazioa bermatuko lukeen agintaritzarik ez egotea; estatuen ordezkaritza-maila ezberdina, etab. Horren aurrean, «federative global democracy» delakoa litzateke konponbidea (Cavallero 2009). Eredu berri horren eraikuntzarako, kontuan hartzeko modukoak diren zenbait esperientzia daude: hasi berria den gizarte zibil globala, Munduko Mugimendu Federalistaren proposamenak, eta Europar Batasunaren erreferentzia.

Gizarte zibil globalaren harira hain zuzen, Herrien Nazioarteko Biltzarrari —HNBri— dedikatzen diote euren kapitulua Leire Azkarragak eta Unai Vázquezek. Eragile gehienek euren ekintza estatu-nazioaren mugetara mugatu ohi badute ere, orain dela hogeita hamar urte inguru Herri-Mugimendu Transnazionalak egituratzen hasi ziren, batez ere globalizazioa neoliberalaren aurkakoak. Mundu-sistemaren, demokrazia burgesaren eta sakontze demokratikoaren gainean zenbait hausnarketa plazaratu ostean, ondorioztatzen dute «inoiz baino beharrezkoagoa da [dela] herri-mugimenduek nazioarteko ikuspegia eta izaera hartzea» (170. orrian), baita statu quoaren aurkako posizionamendu argia izatea ere. HNB kontinente ezberdinetako herri eta gizarte-mugimendu, alderdi politiko eta sindikatu ezkertiarrak artikulatzen dituen proposamena izanik, egileok haren ibilbidea dute hizpide: sorrera, lehen topaketak, egitura, parte hartzaileak, definizio eta praktika politikoa, etab.

Seigarrenik, IV. ataleko hiru kapitulu, epistemologia eta metodologiarekin erlazionatuta daudenak, ez datoz bat eskala konkreturen batekin. Esaterako, Tomás R. Villasante Madrilgo Unibertsitate Complutenseko ohorezko irakasleak «transdukzioko estrategietarako metodologiak» jorratzen ditu. Kapitulu horretan, azken 50 urteetan gizarte-zientzietan egondako zenbait eztabaida berrikusten ditu: lehian egondako korronte marxistak, sozio-analisia, analisi instituzionala, konstrukzionismoa, ekarpen feministak, ikerketa-ekintza, jakintzen ekologia eta, batez ere, soziopraxia.

Gizarte-langintzaren esparruan, Maddalen Epelde Juaristik, Ainhoa Berasaluzek, Miren Ariño Altunak eta Charo Ovejas Larak jardun profesionala hobetzeko eta ezagutza sortzeko tresna bat aztertzen dute: alegia, «gainbegiratzea». Konstrukzionismo sozialetik, pentsamendu konplexutik eta errealitatea problematizatzen duen ikuspegi kritiko-gogoetatsutik abiatuta, zentratzen dira gainbegiratzean eta ikerketa-ekintza parte hartzailean, teoria-praktika eta ikertzaile-ikertua binomioak gainditzen dituzten horietan. Horren ostean, gainbegiratzea erabiliz eurek garatutako ikerketa baten adibidea aurkezten digute. Tokiko[4] gizarte-zerbitzuen lehen mailako arretako jardun profesionalaz hausnartzeko parada eman diete akademiko eta langileei, taldeka antolatuta. Emaitzei dagokienez, lau zailtasun nagusi identifikatu dituzte (gehiegizko araugintza eta burokratizazioa, gizarte-langintza eta gizarte-zerbitzuak berdintzat jotzea, gizarte-langintza diziplinaren ahultasunak, eta gehiegizko inplikazioa lanbide-jardunean), baita horiei aurre egiteko estrategiak ere (profesionalen autozaintzarako espazioak ahalbidetzea, gizarte-langintza diziplina gisa indartzea, eta gizarte-auzia ikusgarri egin eta arreta eskaintzea).

Idoia Del Hoyo Morenok, Miriam Ureta Garcíak eta Uxue Zugaza Goienetxeak intersekzionalitatea jorratzen dute ikerketa-tresna gisa. Zapalkuntza aztertzeko marko monistetatik harago, egileok intersekzionalitatearen sentsibilitate analitikoaren nondik norakoak[5] azaldu eta sakontze demokratikoarekin lotzen dute. Teoria azaldu ez ezik, haren aplikazioaren adibideak ere ematen dituzte, Zumarragako emakumeen zapalkuntzak eta erresistentziak azaleratzeko eta estigma birpentsatzeko eta aztertzeko, hain zuzen.

Azkenik, V. atalak Iñaki Zaldua Callejaren glosategia jasotzen du. Bertan, Zalduak 134 funtsezko kontzeptu definitzen ditu: hala nola, agentzia, Aulki Hutsaren krisia, epistemologia, herritartasuna, legitimitatea, prefiguratiboa… Kontuan hartuta liburu hau eskuliburua dela eta ziurrenik irakurle guztiok galtzen garela momenturen batean, erabat egokia eta lagungarria suertatzen da glosategia eskaintzea amaieran. Gainera, bereziki eskertzekoa da ahalegin hori aintzat hartzen badugu, Zalduak berak iruzkintzen duen bezalaxe, kapitulu bakoitzak bere terminologia propioa erabiltzen duela, diziplina bakoitzak berezko teoria eta kontzeptuak dituelako. Hain zuzen ere «korapilo» teoriko-kontzeptual horiek askatzeko tresna-kutxa eskaintzen digu egileak.

Gabeziaren bat aipatzearren, nabarmena da Ipar Euskal Herriko errealitateari buruzko ikerlan falta. Halaber, faltan botatzen da liburuari amaiera borobilagoa emango ziokeen kapitulu edo epilogo bat ere (glosategiaz gain), kapitulu ezberdinak bata bestearekin elkarrizketan jarriko zituzkeena, hasierako kapitulu editorialak egiten duen bezalaxe. Esate baterako, honako galdera hauek okurritzen zaizkit: bateragarriak al dira demokrazia global federala eta demokrazia komunala? Estatuaren eskalan bezala, Europako eskalan ere uztartu behar al ditugu EBren aurkako borroka, EBz haragoko borroka eta EBrekin/EBtik egin beharreko lana? Zentzuzkoa izaten jarraituko luke «etorkin»ez eta haien «integrazio»az hitz egitea eredu demokratiko kosmopolita batean? Txertatuta al daude erabakitzeko eskubidea eta datu-subirautza HNBren planteamenduetan? Beharbada, irakurlearena ere bada kapituluen arteko elkarrizketa horiek egitearen ardura, bakoitzak bere erantzunak bila ditzan.

Nolanahi ere, ez dago dudarik demokraziaren, subiranotasunaren eta herritartasunaren inguruko hausnarketak oso beharrezkoak direla xxi. mendeko joerak ikusita. Liburuak barnebiltzen dituen ikerlanak diziplina ezberdinetan kokatuta egotea, «korapilatsua» izanda ere, oso aberasgarria da, aukera ematen digulako gainontzeko diziplinetatik ikasteko. Era berean, denak sakontze demokratikoarekin konprometituta egon arren, nabarmena da autoreek kezka ezberdinak dituztela statu quoaren inguruan, eta ezberdintasun horiek dira, hain zuzen, gogoeta eta ikerlanak eskala ezberdinetan ardaztuta egotearen zergatia. Eskuliburuaren ekarpen eta berezitasunik handiena, baina, honako hau da: unibertsitateko ikasle euskaldunei tokiko begirada, ezagutza eta esperientziak helaraztea.

BIBLIOGRAFIA

Applebaum, Anne. 2020. Twilight of democracy: The seductive lure of Authoritarianism. New York: Doubleday.

Cavallero, Eric. 2009. «Federative Global Democracy». Metaphilosophy 40 (1): 42-64. https://doi.org/10.1111/j.1467-9973.2009.01562.x

Collins, Patricia Hill. 2019. Intersectionality as Critical Theory. Durham: Duke University Press.

Crenshaw, Kimberlé. 1989. «Demarginalizing the intersection of race and sex: A black feminist critique of antidiscrimination doctrine, feminist theory and antiracist politics». The University of Chicago Legal Forum 140: 139-167. https://chicagounbound.uchicago.edu/cgi/viewcontent.cgi?article=1052context=uclf

Goikoetxea, Jule. 2017. Demokraziaren pribatizazioa. Kapitalismo globala. Europa eta euskal lurraldeak. Donostia: Elkar.

[1] Argitalpen honen egilea UPV/EHUn ikertzaileak prestatzeko kontratazio deialdiaren onuraduna da (PIF 2022). Gainera, lan honek Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza ere jaso du (IT-1438-22).

[2] Sakontzeko: Applebaum 2020.

[3] Demokratizazioaren pribatizazioaren inguruan sakontzeko: Goikoetxea 2017.

[4] Tokiko gizarte-zerbitzuak aipatzen dituzte, baina ez dute zehazten nongoak diren edo non egiten duten lan hausnarketetan parte hartu duten akademiko eta langileek.

[5] Intersekzionalitateari buruz sakontzeko, ikusi, adibidez: Crenshaw 1989; Collins 2019.